Meatzaldeko zinegotzi abertzale eta ezkertiarrak 24 orduko gose greba egiten ari gara. Izan ere, geu ere babesa erakutsi nahi diogu aste honetan zehar egiten ari den euskal preso politikoen eskubideen aldeko txandakako baraualdiari.
Eszenario politikoa zeharo aldatu da Euskal Herrian eta gertakari oso esanguratsuak ezagutu ditugu azken hilabeteotan. ETA erakundeak borroka armatuaren zikloa behin betiko ixteko erabakiaren ondorioz, gatazka politikoari irtenbide demokratiko bat bilatzeko aukera berriak zabaldu dira.
Orain, eta Aieteko adierazpenean nazioarteko komunitatearen mandatuaren ildoa jarraituz, estatuei mugitzeko txanda heldu zaie. Normalizazio eta demokratizazio prozesuan urratsak emateko txanda heldu zaie. Eta bide horretan, urrats eraginkorrenetako bat euskal preso politikoen auziari dagokio. Munduko beste zenbait prozesu politikoetan gertatu den bezala, Euskal Herrian ere preso politikoen errealitateari konponbidea eman behar zaio.
Meatzaldean ere espetxe politika horren ondorioak ezagutzen ditugu. 5 herrikide Espainia eta Frantziako kartzeletan zehar daude (dauzkagu) sakabanaturik. Haiek ez ezik, euren familiak eta lagunek ere sakabanaketa pairatzen dute:
Nerea Garaizar Aranjuezen kartzelaratua dago, Trapagaranetik 460 kilometrora.
Oscar Calabozo Cordoban dago, Trapagaranetik 800 kilometrora.
Zigor Blanco Curtisen dago (A Coruña), Trapagaranetik 511 kilometrora.
Iñaki Lizundia Moulinsen dago (Frantziako erdialdean), Ortuellatik 795 kilometrora.
Angel Lopez Huelvan dago, Ortuellatik 956 kilometrora.
Guk, hautetsiok, Gernikako Akordioarekin bat egiten dugu. Estatu Espainol eta Frantsesak politika horrekin amaitzeari ezinbesteko deritzogu; horretarako, beharrezkoa da urrats nagusiak eman ditzaten:
1) Preso guztiak Euskal Herrira ekartzea, baldintzarik gabe.
2) Gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea.
3) Preso prebentiboak, epaiketaren zain daudenak, behin behineko askatasunean uztea.
4) “Doctrina Parot” izenarekin ezagutzen den legedia indargabetzea.
5) Zigorraren ¾ bete duten presoei baldintzapeko askatasuna ematea.
6) Espetxe onurak aplikatzea, murrizketarik eta arbitrariotasunik gabe.
Zoritxarrez, estatuek ez dute urratsik emateko borondaterik adierazten. Beraz, berriro ere, gizartea mobilizatu behar da; presioa egin eta prozesu honen elikaduran protagonista izan behar du. Horregatik, gure atxikimendu eta babesa adierazi nahi diegu hurrengo asteotan Meatzaldeko herrietan egingo diren ekimenei; izan ere, Nerea eta Iñaki atxilotu eta kartzelaratu zituztenetik hamar urte dira.
Amaitzeko, gure partetik ere hurrengo mobilizazioetan parte hartzeko gonbitea egiten dugu. Egoera gainditu arte, era guztietako ekimenak bultzatuko baitira gizartean:
· Eskualde mailan, abenduaren 30ean, abenduko azken ostirala, arratsaldeko 19:00etan Ortuellatik Trapagaranera egingo den manifestazioa.
· Bilbon, Urtarrilaren 7an egingo den manifestazio nazionala.
BILDU ABANTO-ZIERBENA
BILDU ORTUELLA
BILDU TRAPAGARAN
No hay comentarios:
Publicar un comentario