2012/10/22

Abenduaren 6an independentziaren aldeko Martxa Berdea Durangon






Nafarroaren konkistaren  500. urteurrenak eta Gernikako bonbardaketaren 75.enak bat egin dute aurten, eta urtea hasi aurretik adierazi genuen horrek izaera berezia ematen ziola 2012ari eta, horretaz baliatuz, independentziaren aldeko urrats berriak emateko aukerak eskaintzen zituela.

Aberri Egunaren arrakasta ere horren adierazle izan zen. Nabarmena da independentziaren gaiak lortu duen garrantzia eta ikusgarritasuna  Euskal Herrian nahiz nazioarteko esparruan.

Euskal Herria mailan 2012ak duen esanahi garrantzitsuaz gain, independentziaren aldeko haizeak iritsi zaizkigu kanpotik ere.  Eskoziako prozesuak hankaz gora jarri ditu independentziaren aurka entzun izan ditugun argudio asko. Europan bertan, eta gaur egun, independentzia bideragarria dela adierazten du eta erreferentzia berriak finkatzen ditu estaturik gabeko nazioentzat. Quebeceko hauteskundeetako emaitzek ere, independentziaren aldeko indarren aktibazioaren berri eman digute. Azkenik, Kataluniako Diadako mobilizazio erraldoiak lurrikara handia sortu du espainiar estatuan eta izugarrizko oihartzuna Euskal Herrian eta mundu osoan; eta eztabaida politikoaren erdi-erdian jarri du independentzia.

Bestetik, egoera ekonomiko larriak areagotu egin du gure herriaren etorkizunari buruzko eztabaida eta independentziaren aukera gero eta indar handiagoa hartzen ari da etorkizuneko alternatiba erreal moduan, eta gero eta euskal herritar gehiagorentzat euskal estatu propioa, bideragarri eta komenigarria izateaz gain, guztiz premiazkoa da.

Gauzak honela, nabarmena da aspaldiko baldintzarik onenak daudela independentziaren aldeko lana biderkatzeko eta, ildo horretatik, urtea bukatu baino lehen, ekimen zabal eta parte-hartzailea burutu nahi dugu.

Abenduaren 6an “Egun Berdea” antolatuko dugu Durangon eta, egun osoko egitaraua izango duen ekimenaren barnean, independentziaren aldeko Martxa Berdea egingo da arratsaldean herriko kaleetan zehar, ”BAGOAZ. Euskal Herriak independentzia” lemarekin.

Gaur, kultura eta euskara alorreko lagunak dira, batez ere, lehen urratsa eman dutenak agerraldi honekin, baina abendua bitartean alor guztietan bultzatu nahi ditugu atxekipenak, euskal jendartearen oinarri zabala bilaka dadin ekimenaren deitzaile eta protagonista.

Beraz, herritar guztiei egiten diegu bere atxekipena adierazteko deia, ondorengo helbide elektronikoa erabiliz: www.abenduak6.bagoaz.net

Euskal Herria, 2012ko urriaren 12a
INDEPENDENTISTAK Sarea