2012/11/03

EH BILDU: MURRIZKETEN AURREAN, INSTITUZIOETAN APLIKATZEKO IRIZPIDE POLITIKO ETA TEKNIKOAK


SARRERA

            Ba dira aste batzuk, Madriletik etengabe inposatzen dizkiguten murrizketen aurrean, oinarrizko irizpide batzuk pasa genituela. Azken asteetan, irizpide horien garapen eta zehaztapen lanari ekin diogu, irakurketa orokorraz gain, praktikara bideratutako erabaki zehatzak landuz.

            Kontutan izan behar dugu hala ere, egin dituzten hainbat dekreturen garapena nola egiten den, beraiek ere (Madrilen) ez dutela argi eta Aldundi edo instituzio bakoitzean ari direla lantzen. Bestalde, oso kontutan hartu beharreakoa da, datozen asteetan, balizko erreskatea tarteko, oraindik ere gehiago aldatu daitekezkela Madriletik inposatzen ari diren baldintzak.

            Egoera ezegonkorra izanik ere, guk gure irizpideak bateratu eta urratsak norabide bakar batean ematea ezinbestekoa da.


ELKARKIDETZA

            Elkarkidetza, Erkidego Autonomoko Udal eta Foru Administrazioan negoziazio kolektibotik eratutako EPSVa da. Berarekin bat egindako instituzioen eta bertako langileen ekarpenaz finantziatzen da. Ekarpen hauek, bi eratako egoerak babesten dituzte. Alde batetik erretiroa eta bestetik arrisku egoerak (alargun egoera, ezgaitasun iraunkorra). Erretiroarentzat ekarpenaren %90 bideratzen da eta arrisku egoeretarako %10.

            20/2011 Errege Dekretu Legearen irakurketa literalak, 2012ko urtarriletik pentsio planetara inolako ekarpen instituzionalik egitea debekatzen zuen, tartean EPSVetara ere. Aldiz, Elkarkidetzak berak eskatutako txosten juridiko batek, ekarpen horiek egiteko aukera irekita mantendu zuen, nahiz eta eztabaidagarria izan, aukera hori gauzatu nahi zuenarentzat babes juridikoa emanaz.

            Hala ere, gaia egikaritzerakoan zehaztasun falta handia egon izan da, Bilduk kudeatzen dituen udaletan, jarrera ezberdinak izan direlarik.

            Orain arteko zalantzak, 2012ko Estatuko Aurrekontu Orokorren onarpenarekin argitu dira: Modu argian, ekarpena egiteko aukera baliogabetzen du. Bestalde, Estatuko Abogazia Orokorrak eta dagokion Zuzendaritza Orokorrak ere, norabide berean ebatzi dute. Arlo juridikoa argitua geratu da beraz.

            Guzti hau kontutan hartuta, Bilduk udal zein Foru Aldundietan izan beharreko jarrera erabaki behar du. Gure jarrera ideia nagusi batean oinarritzen da:, Eragile hau eta antzekoen aurrean izan ditzakegun iritzi desberdinak tarteko, Elkarkidetza ez da estatuarekin desobedientzia konfrontaziorako gai bat.

            Eztabaidagarria izan daiteke Elkarkidetzaren ibilbidea eta azken urteetako bilakaera. Administrazioak Elkarkidetza EPSVa sortzerakoan zeuden behar eta baldintzak eta urte askoren ondoren hori zertan bailakatu den, sakon aztertu beharreko gaia dela pentsatzen dugu. Hala ere, egin beharreko eztabaida gainetik pasa eta bere horretan Madrileko murruzketak guztiz aplikatzea  ez zaigu egokia iruditzen. Era berean, edukiari buruz zalantzak izanik, estatuarekin konfrontazioa bukaerara eramateko gaia denik ere ez dugu uste.

            Nahiz eta udal askotan, langileak, heriotza eta ezgaitasun egoerak beste aseguru batzuen bidez, zein erregimen orokorraren bidez babestuak dituen, atal hori babesten duen Elkarkidetzaren % 10 ordaintzeko hautua egiten dugu.

            Ondorioz, eremu praktikoan, Udal eta Foru Aldundietan gure jarrera honako hau izango da:
ERRETIROAri dagokion ekarpenik (%90) EZ EGITEA eta ARRISKUAri dagokiona (%10) EGITEA.
            Irtenbide honekin, onuradunak heriotza eta ezgaitasun iraunkorraren aurrean izan ditzakeen aukerarik ez galtzea lortzen da, ezer ez ordaintzekotan bere eskubideetan kaltetua izango delako.

            Eta garrantzitsuena, Elkarkidetzarako ekarpenarekin erabat EZ DA MOZTEN (bistan denez, nabarmen gutxitzen bada ere). Honek, Elkarkidetzaren eta bertara atxikia dagoen langilearen arteko harremana mantentzen du.

            Gainerakoan, ardura eskaeren aurrean, erabaki honek, ziurtasun juridiko maila bat eskaintzen du. Ez bait da ehuneko zati txiki bat besterik ordaintzen.

            Idazkari edo kontuhartzaileen aldetik jarrera desberdinak egon daitezke:
           
            a.- Gaiaren aurrean inolako txostenik ez egitea (toki askotan gertatzen den bezala): Kasu honetan, esandakoari jarraiki, %10 ordainduko dugu.

            b.- Udal Idazkariaren aldetik  balizko kontrako txosten baten aurkezpenaren aurrean, jarrera hau berraztertzeko eta aldatzeko aukera irekita geratzen da. (Egoerarik aurre hartzeko udal idazkariarekin aldez aurretik hitzegitea ezinbesteko da).


ABENDUKO ORDAINKETA BEREZIA (14. ORDAINKETA)

            Abenduko ordainketa kentzeak, de facto %7-ko soldata jetxiera suposatzen du. Azken urteetan egon diren soldata jetxiera eta konjelazio guztiei gehitu behar zaie.

            Gure borondatea, eremu pribatuan bezala publikoan ere langileek 14 ordainsari izatea da. Bide politiko eta juridiko guztiak jarriko ditugu martxan, arestian aipatutako murrizketa horiez gain, hau ere aplikatu ez dadin. Beraz, Bildu abenduko ordainsaria ordaintzearen aldeko da.

            Hala ere, gai honen aurrean erabakia ezin dugu abendurarte atzeratu. Gaur bertan bukatzen diren kontratuen likidazioaren aurrean jakin behar dugulako abenduko ordainketari dagokion bataz bestekoa ordaindu behar zaien edo ez.

            Honen aurrean, Hego Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozialekin norabidea eta helburu zehatzak adosten ditugu bitartean, eta abendua baino lehen likidatzen diren kontratuei dagokionez, ABENDUKO ORDAINKETARI DAGOKION ZATIA ORDAINTZEKO erabakia hartzen dugu. Abenduko ordainsaria osorik ordaintzera bidean.

            Abenduko ordainsaria ordaindu ahal izateko honako formula hauek begiratu eta landu ditugu. Herri bakoitzak berari egokiena deritzona gauzatuko du.

Lehen aukera.
-        14. ordainsari egin ahal izateko Osagarri berri bat sortuko dugu. Osagarriaren izena honako hau izan daiteke:galdutako eroste ahalmena berreskuratzeko osagarria. Langile 14. ordainsariaren kopuru orokorra kalkulatu eta bakoitzari dagokionaren ordaina eman
-        Alde onak: Bere horretan eta legez 14. ordainsaririk ez da ordaintzen, beraz legalitaterik ez litzateke urratuko.
-        Balizko arazoak: Osagarriak zehaztuta daude eta berria sortzeari helegite administratiboa jarri diezaiokete.

Bigarren aukera

-        Soldata aurrerapena: Langile orok dauka soldata aurrerapena eskatzeko eskubidea. Proposamen hau aukera horretaz baliatuko da. Alegia, langile bakoitzak soldata aurrerapena eskatuko du. Soldata aurrerapena ez da noski aurrekontuaren 1. kapitulutik egingo, 8. kapitulutik baizik. Ez da, beraz, lehen kapituluan kotabilizatuko eta ondorioz estatuak jasotzen dituen gastu arrunten datuetan ez da agertuko.
-        Hau egin ahal izateko ez da beharrezkoa 8. kapituluan partida nahikorik egotea. Normalean ez da egoten. Langileek soldata aurrerapena eskatzen dutenean kreditu aldaketa bat egiten da eta kitto. Horretarako sarreretan eta gastuetan 8. kapitula egokitu egiten da kreditu aldaketen bidez. Hortaz, partida oso handia izanda ere egin ahal izango genuke inongo arazorik gabe.
-        Urrats hori emanda zor bat sortuko litzateke langileen eta udalaren artean. Legeak 24 hilabetetako epea aurreikusten du zor hori kitatzeko. Normalean 20 hileko soldatatik kuota finko bat deskontatu ohi da. Hala ere, kolpe bakarrean ordain daiteke. Gure kasuan kuota bakar batean ordaintzea adostuko genuke.
-        Nola kitatu zorra? Zorra bere horretan barkatzerik ez genuke izango. Kondonazioaren figura aztertzen aritu gara baina nahiko irregularra dela uste dugu. Legezkotasunaren mugan egoteaz gain politikoki ez da batere txukuna. Beste aukera bat gaur egun erretenituta dugun pagaren kopurua ereabiltzea izango litzateke. Printzipioz, ariketa kontable bat izango litzateke. 20 hilabetetako epe horretan erretentzioa altxatuko balute (bestelako funtzioetara bideratzeko agindurik eman gabe, noski) partida bera erabiliko genuke zorra kitatzeko. Hori justifikatu ahal izango genuke. Epe horretan erretentzioa altxatuko ez  balute, edo altxatuta ere beste funtzio batzuetara bideratzea behartuko baligute, lehen aukeran plantetazen den gisako ariketa bat egin beharko genuke: osagarri berri bat sortu.
-        Alde onak: Legalitatearekin ez du apurtzen. Oinarrian legala den eskubide batean gauzapenetik abiatzen da. Bestalde, Gastu arruntetan agertuko ez litzatekeenez zalantza handiak ditugu estatu espainiarreko begiraleek ariketa horren inguruko informaziorik eskuratuko luketen. Gure iritziz ez. Gainera, zorraren kitapena gerorako utziko genuke, jada egun duaden suspikazioa, morbo eta bestelakoak gaindituta leudeken garai baterako.
-        Balizko arazoak: udal handietan horrelako ariketarik egiterik badagoen zalantza dugu. Udal horietan aztertu beharko lukete.

Hirugarren aukera

-        Ordu extren bidez ordaintzea. Jakina da ordu extrak orokorrean ez direla guk onartzen ditugun bitartekoak. Beti ere salbuespen gisa aplikatzen ditugu.
-        Egoera hau salbuespen egoera larri bat dela kontutan izanik, ikuspuntu horretatik 14. ordainsaria ordu extren bidez ordaintzea planteatzen dugu
-        Alde onak: Legelitaterik ez du apurtzen. Langile gutxi dauden herri txikietan erabilgarria izan daiteke.
-        Balizko arazoak: Herri handietan eta langile kopuru handia dagoen udaletan aplikazio zaileko proposamena da.

Laugarren aukera
-        Ohiko soldata ordainketa abenduaren 15ean egitea eta urtarrilaren 2an 2013ko uztaileko ordainsaria ordaintzea. Uztailean abenduako eta horrela, egoera bere onera ekartzeko aukera izan arte.
-        Formula bere beste modu batera: 14. ordainketa abenduaren 15ean ordaintzea, eta urtarrilaren 1ean abenduko ohiko soldata ordaintzea.
-        Alde ona: Legalitatea errespetatzen du: Langileek oro har ez dutela inolako ondoriorik jasango (bi egun atzeratuko zaie soldataren ordainketa).
-        Balizko arazoa: Denboran zehar soldata baten ordainketa atzeratzen dugu. Egunen batean konpondu egin beharko da egoera hau.

(*) Laugarren aukera honek, gaur egunean  arazoa dena, etorkizunean arazo larriagoa sortzeko arriskua dauka. Beraz, lehen hiru aukerak ondo aztertu eta bideak itxita aurkitzen baldin ba ditugu soilik aplikatuko dugu. Edozein kasutan, aplikatu, aurretik egiturarekin harremanetan jarri.


Abenduaren 30 eko 20/2011 Errege Dekretu-legeak, eta  uztailaren 13ko 20/2012 Errege Dekretu-legeak,  jasotako zenbait xedapenen aplikazioari buruz


            Errege dekretu-lege hauek Administrazio publikoetako langileen lan baldintzetan hainbat murrizketa xedatzeko neurriak ezaertzen dituzte. Neurri bakoitzerako prozedura eta betearazpen maila desberdinak aurreikusten dira.


1.-Langile publikoen lanaldia, baimenak eta oporrak

            Xedatzen diren murrizketen araubidea "aintzat hartu beharko da" baina Administrazioek ez dute oztoporik langileek orain arte arlo honetan onartuta izan dituzten lan-baldintzei eusteko. Baldintza horiek negoziazio kolektiboaren bidez adostuak edo onartuak izan dira eta bidezkoa da mantentzea. Beraz, ez dugu planteatuko murrizketak egiteko neurririk arlo hauetan.

            Printzipioz, esan bezala, ez litzateke oztoporik egon beharko honetarako. Hau da, ulertu behar dugu egokia dela orain arte zegoen arauketa hiru arlo hauetan. Tokiren batean galdera politikoren bat egongo balitz edo teknikariren batek argi ikusiko ez balu, Errege-dekretua betetzen ari dela kontsideratu behar dugu, gaia negoziazio-mahaian ebatzi gabe dagoen bitartean. Halere zehaztapen batzuk kontuan hartzea ondo legoke:

LANALDIARI BURUZKO ARGIBIDEAK

            20/2011 Errege dekretu-legeak estatuko sektore publikoko langile publikoen lanaldia 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera egokitzea agintzen du, egun horretatik aurrera, asteko batezbesteko lanaldia ezingo dela izan 37,5 ordutik beherakoa.

            7/1985 legeak, toki-araubidearen oinarriak arautzen dituenaren 94. artikuluak xedatzen duenaren arabera, tokiko Administrazioaren "funtzionarioen" lanaldia, urteko zenbaketan, Estatuko Administrazio Zibileko funtzionarioentzat jartzen den berdina izango da.

            Halere, urte asko da, euskal toki-Administrazioen kasuan, ordutegiaren moldaketa beste modu batez egiten dela, alegia, ez direla asteko orduak arautzen, urteko lanaldi osoko kopurua baizik.

            EAEko toki-Administrazio gehienetan edo guztietan onartuta dagoen Udalhitz akordioan, urtean 1592 orduko lanaldia ezartzen da. Ordutegi horrek, urteko lan-egun guztien batezbestea eginez (2012an + 226 izan dira eta 2013an + 224 izango dira, astean 35 orduko landaldia ematen du. Udal batzuetan hortik beherako lanaldia dute onartuta.

            Egutegiaren arabera, urteko lanaldi efektiboa egunean 7:30 ordutakoa izan liteke, 1592 ordu horiek 212 egunen artean banatuz gero.

            Beraz, inork arazoren bat ikusiko balu oraingo egoera jarraitzeari:

-        Urteko orduen banaketak egunean 7:30 edo gehiagoko emaitza ematen du (37:30 ordu), egindako egutegiaren arabera.
-        Nolanahi ere gaia negoziazio mahaian planteatuta dago.


BAIMENAK ETA OPORRAK

            20/2012 Errege dekretu-legearen 8 artikuluan, EPOEren (7/2007 legea, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua onartzen duena) 48. eta 50. artikuluak aldatuz, langile publikoen baimenak (lizentziak) eta oporren murrizketa xedatzen du. Murrizketa hori 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera sartzen da indarrean (1. Xedapen iragankorra):

-        EPOEren 48.1 artikuluaren sarrera aldatzen da. Orain arte Administrazio bakoitzari aitortu zaio baimenak xedatzeko eskumena, eta EPOEk ezarritakoak gutxienekoak izango zirela xedatzen zuen. Orain aldatu egin dute eta xedatzen du horiek izango direla baimenak. Errege dekretu-legeak "funcionarios" esaten badu ere, EPOEk berak xedatzen du lan-itunpeko langileei ere aplikatzen zaiela hor xedatutakoa.
-        EPOEren 48.1.k) artikuluan jasotako 6 eguneko baimena, "por asuntos particulares" (baimen egun hauek lan egindakotzat hartu izan dira), 3 egunera murrizten da. Udalhitzen 60.1 artikuluan jasota dago baimen hau. Egun hauek "moscoso" bezala ezagutzen dira langileen artean.
-        EPOEren 48.2 artikuluak jasotzen zituen baimen-egunak kendu dira, "kanoso" bezala ezagutzen zirenak langileen artean. Kendutako baimen horren arabera, langileek 6. hirurtekoa betetzetik aurrera, urtean 2 egun gehiago libratzeko eskubidea zuten eta, 8.a betetzetik aurrera, 2 horiek eta egun bat gehiago betetzen den hirurteko bakoitzeko.
-        EPOEren 50. artikuluan, urteko oporrak gutxienez 22 lanegunekoak izango direla jasotzen izan da. 20/2012 EDLak gutxienez hori ezabatu egin du. Beraz, aurrerantzean, ez gehiago ez gutxiago 22 lanegunekoak izango direla xedatzen du. Udalhitzen 24 lanegun izango direla xedatzen da.

            Esan bezala, ez dugu murrizketarik planteatuko langileek onartuta izan dituzten lan baldintzetan. Inork arazoren bat ikusiko balu, baina bakarrik arazo larrien bat izanez gero:

-        Negoziazio mahaian baimen egun horiek EPOEren 48.j) ren babespean jarriko ditugu:
-        "48.j) Por tiempo indispensable para el cumplimiento de un deber inexcusable de carácter público o personal y por deberes relacionados con la conciliación de la vida familiar y laboral".
-        EPOEren 48.j)n jasotako baimenaren babespean, gutxienez urtean 3 egun hartu ahal izango dituzten langileak eta, aintzinatasunaren arabera beste 2 egun 6. hirurtekoa betetzen denetik aurrera eta egun bat gehiago hirurteko bakoitzeko 8. hirurtekoa betetzen denetik aurrera.


2.- Ordu sindikalak

            Espainiako legediak ordezkari sindikalei euren lan sindikaletarako onartzen dieten ordu-kopurua baino ordu-kreditu handiagoa onartzen die Udalhitzek eta tokian tokian egon daitezkeen lan-hitzarmenek. Lege arautzaileak hauek dira: Langileen Estatutua, EPOE eta Askatasun Sindikalaren Lege Organikoa-Ley Orgánica de Libertad Sindikal (LOLS bezala ezagutzen da).

            Adibidez, 126 langile dituen udal baten, 40 lan-itunpeko eta 86 funtzionario, lege horiek aitortzen duten hileko kredituaren ordu kopuru osoa 120 ordu da. Udalhitzek, aldiz, 280.

            Horrez gain, Langileen Estatutuak eta EPOEk delegatu guztien orduak delegatu batzuetan pilatzeko aukera ematen du, langile horiek liberatuz. Udalhitzek pilaketa hori erakundeen artean ere egitea onartzen du 125 langile baino gehiagoko erakundeen kasuan.

            Udalhitzek xedatzen duen urteko lanaldia kontuan hartuta, langile bat liberatzeko, erakunde barruko pilaketa egiten den bitartean, bat datoz Udalhitz eta lege horiek: 1592 ordu pilatu beharko lirateke urtean (132,66 ordu hilean).

            Alabaina, erakundeen arteko ordu pilaketa egiten denean, legeen arabera 1592 ordu pilatu beharko lirateke urtean (132,66 ordu hilean), baina Udal hitzen arabera, nahikoa da urtean 1350 pilatzearekin (112,5 ordu hilean).

            Beraz, aurreko udaleko adibidea hartzen badugu, 2 langile libera litezke udal horretan eta, gainera, 14,68 ordu sobratuko lirateke. Hirugarren langile bat liberatu ahal izateko, beste erakunde baten edo batzuen orduak beharko lirateke. Zenbat? Legeen arabera, 117,98, Udalhitzen arabera, 97,82.

            20/2012 Errege dekretu-legearen 10. artikuluak xedatzen du ezin izango dela legeek aitortzen duten ordu kopurua baino gehiagoko krediturik eman eta EDLa indarrean sartu ondoren (2012ko urriaren 1ean) baliogabeak izango direla hori gainditzen duten itunak, akordioak edo lan-hitzarmen kolektiboak.

            Alabaina, jarraian oso esaldi kriptikoa jasotzen du:

-        "Todo ello sin perjuicio de los acuerdos que, exclusivamente en el ámbito de las Mesas Generales de Negociación, puedan establecerse en lo sucesivo, en materia de modificación en la obligación o en el régimen de asistencia al trabajo de los representantes sindicales a efectos de que puedan desarrollar racionalmente el ejercicio de sus funciones de representación y negociación o adecuado desarrollo de los demás derechos sindicales"

            Aurreko egoeretan bezala, kontuan izan behar dugu eskubide horiek negoziazio kolektiboaren bidez lortutakoak direla eta mantentzearen aldeko jarrera dugula. Beraz, aurreko kasuetan bezala, ezer egin gabe manten dezakegu egoera kasurik gehienetan.

            Halere, opor-baimen-lanaldi trilogian baino arazo gehiago sor litezke, batez ere liberazioekin eta horiek ordezkatzeko langileen kontratazioekin.

            Arazoak soruko balira Udalen baten, arazoak ekidin nahi badugu, transkribitu dugun paragrafoan jasotakoaren arabera, orain arteko erregimena berretsi dezakegu, hurrengo paragrafoan azaltzen den ñabardurekin: Udaleko Negoziazio Mahai orokorraren deialdia egin eta berretsi. Hori egin bitartean, egoera mantenduko dugu. Liberaziorik balego, azkartu egin beharko genuke berrespen hori.

            Nola berretsi?: Transkribatu dugun paragrafoak aukera ematen du.

            Jarrera aurrerakoiagoenean, Udalhitzen ordu kopurua jarri eta listo. Aukera hau hobetsiko dugu. Halere, arazorik egon liteke:

-        Gure Udalean beste Udal bateko orduekin dagoen delegaturen bat egongo balitz, egiaztatu egin behar dugu Udal horretan ordu kopurua mantenduko duten ala ez. Ez badute mantenduko, aukera dugu langileari leberazioa osatzeko falta zaizkion orduak, 48.j) artikuluaren babespean mantentzeko.

            Bigarren aukera bat ere egon liteke, baina soilik aplikatuko dugu arazo larria sortzen zaigun tokietan. Jarrera kontserbadoreenean mantenduz, baten batek esan lezake ezin dela ordu kreditua igo, baizik eta bakarrik modificar la obligación o régimen de asistencia, beti ere Administrazio bakoitzaren borondatearen arabera. Horrenbestez, lehen jarri dugun Udalaren kasuan:

-        Legeak 120 ordu onartzen du, Udalhitzek 280. Falta diren orduak (160) lehen aipatu dugun EPOEren 48.j) artikuluaren babespean onartuko ditugu.
-        Liberatuta dauden langileei ahalik eta ordu sindikal "legal" gehien esleitu eta falta direnak 48.j)
-        Gure Udalean beste Udal bateko orduekin dagoen delegaturen bat egongo balitz, 48.j) artikuluaren arabera mantenduko dizkiogu orduak.
-        Gure Udaleko orduak beste udal batean pilatuta badaude, ezin dugu "prestatu" legez onartuta dagoen ordu kopurua baino gehiago.

            Gure ustez, baina, ez dago arazorik egungo erregimena berresteko.

ALDI BATERAKO EZINTASUN BAJA

-        Aldi baterako ezintasun bajaren aurrean, langileen lehen egunetik %100 jasotzeko aukera izan dezatzen, honako formula hau proposatzen dugu.
-        Legeak hau gauzatzeko aukera ematen du, beti ere gutxienego egoera batzuk babesten ba dira. Egoera hauek zehaztea instituzio bakoitzaren zeregina da.
-        Beraz, gutxieneko absentismo tasa, normalean instituzio horretan ohikoa dena baino altuagoa jarri.
-        Beste alde batetik, 100% jasotzeko aukera ematen duten gaixotasuna zerrenda luzea egin.
-        Azkenik, honako hau da Gipuzkoako Foru Aldundia eta sindikatuen artean adostu den formula, edozein udaletarako ere baliagarria izan daitekeena.
-        lansarien %100era arteko osagarria ezartzea, ................-ko udaleko langileei, aldi baterako ezintasun bajaren lehen egunetik hasita, baldin eta Erakundeko absentismoaren indizea ez bada orotara hartuta, %7 baino lehenago. Lansari osagarri hori ordainduko da edozein delarik ere aldi baterako ezintasunaren sorburu kontingentzia.